Pirinio mendi-katearen malda bietan, itsasoa eta mendiaren artean hedatzen da euskaldunen lurraldea. Iparraldera Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa eta hegoaldera Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako herrialdeak dituen mendikateak ez ditu inoiz bertako biztanleak banandu, alderantziz, herrien osotasuna gihartzen duen bizkarrezur izan da.
Denboraren iraganaren eta historiaren erasoen gainetik, euskaldunen ondareak tinko dihardu. Euskaldun andra-gizonak beren lurrari atxekirik bizi dira; ohitura zaharren maitale eta babesle izaten jarraituz.
Euskaldunen izana modu apartekoan bereizgarria da. Jatorri ezezaguneko “euskara” hizkuntza, itsasaldean azentu sendokoa eta barnealdean musikaduna. Euskaldunek izan duten araugintza berezia, Rousseauren hitzetan “bada Europan herri bat herriaren arazoak zuhaitz baten oinean eztabaidatzeko ohitura zuena”, Gernikako arbolari dagokio, herri baten egitura politiko naturala bizi duena, alegia. Folklore arkaiko bezain aberatsa duen herria, bere garaian, frantziar entziklopedistek “Pirinioetako maldetan dantza egiten duen herria” esaldiaz definitu zutena. Itsasgizon, artzain eta artisau trebeen gizartea.
Euskal lurraren ezaugarri bereziak, industria sartu zen arte, nekazaritza eta abeltzaintza izan ziren. Egun, industrializatutako zonaldeetatik hurbil, nekazal gune bat baino gehiago aurki daiteke oraindik non antzinako ohiturari, dantza eta erromerien tradizioari edota mendi muinoetako baselizetara peregrinazioen ohiturei atxekirik bizi diren.
Hain zuzen, 1961. urtean eta hirigune industrializatu hauetako batean, Mendi Alde dantza taldeak bere lehen agerraldia burutzen du euskal dantzekin. Dantza taldearen sorterria, Santurtzi, Ibaizabal ibai-ahoan kokatu dago eta bertako itsas portuagatik da ezaguna.
Kabiezes malda batean kokaturik dagoen auzo bat da, itsas adarra bere oinetan duela. Han, mendi maldan, eten gabe ari da Mendi Alde dantzan.
Taldea osatu aurreko aitzin pausoa, euskal herrietan dagoen agortu ezineko aberastasunarekin harremanean jartzean dantza, etengabeko ibilaldian. Informazio iturriak anitzak dira, baserri helezinetik, dantzak hezurmamitzen diren plazetara. Sarritan, lekukoek eskuartean dutenaren berri zehatzik ez dutela konturatuko da taldea, beste gabe, ohiturari jarraiki dantzatu egiten dute-eta.
Lekuan lekuko dantzak, lekukoekin eta jatorrizko lekuan bertan, zehazki aztertu eta ikasi ondoren, Mendi Aldedantza taldeak bere errepertorioko egingo ditu, antzinako euskal mundu koreografikoari dagozkion dantzak eta gaur oraindik bizirik dirautenak inguruko herrietako orok ezagutu ditzan.