Menu
Herrien kultura tradizionala edo folklorea ohitura zaharrek eta tradizio herrikoiek herriarengan daukaten eraginaren ondorioz iraun du mendeetan zehar eta gaur egun arte.
Historian sakonki errotutako herri zahar honen kultur munduaren arima ditugu dantza eta Musika; gu ginen “Auñamendien magalean dantza-kantuz bizi den herria”.
Gure sustraien biltze, ikertze, zaintzea, eta abar izan beharko litzateke, gure ustez, folklore talde guztien betebeharra; Lucille Amstrong ikertzaileak “Dantzak” liburuan dionez: “Sustraiak herri baten jatorria direnez gero, horien ezagutzak norberaren izatearen ezagutza adierazten du; hortaz, dantza herrikoia bere horretan mantendu beharko litzateke; gure iraganera horrela soilik hurbildu gaitezkelako. Apur bat bakarrik aldatuko bagenu, ez luke esanahirik izango; gorputza fisikoki mantentzeko ariketa bat baino ez litzateke.”
Mendi Alde taldeak hainbat dantza tradizional dantzatzen ditu, baina hurrengoak dira dantzatzen dituenen artean adierazgarrienak: Arratiako erromeria (aurkezten dugun janzkera Bilboko Museo Etnografikotik eta aintzinako irudietatik ateratakoak dira), Auritzeko dantza, Lapurdiko inauteria, Luzaideko inauteria, Zuberoako inauteria, Arantzako dantza luze, San Juan Besperako dantza eta Eskalapoin dantza (Baztan).
Dantza horiez gain, 2016 urtetik aurrera, taldeak bere koreografia propioak sortu eta dantzatu ditu Euskal Herriko musika tradizionalean oinarrituz: Molinatxo 2016, Portuko 2017, Ur goiena ur barrena 2018, Loriak udan 2019, Elgeta (2023) eta Aiherra (2024).